Alargundu berri da bizilaguna. Hilabete inguru izango da senarra hil zitzaiola, eta txakur batekin azaldu da gaur parkera. Aurpegi ona duela iruditu zait, alargunak esan nahi dut, baina txakurrari kasu egin diodanean zur eta lur gelditu naiz: hildako senarraren egundoko antza du. Antza ez muturrean eta belarri tenteetan. Ez dakit ondo azaltzen. Antza begiratuan, jarreran, lekua hartzeko moduan.
Oso ezberdinak izanik antzekoak diren gauzetan pentsatzen aritu naiz. Gogoratu naiz, behin, ordura arte sekula irentsi gabeko pilula urdin bati nola hartu nion izeba zenaren zaporea. «Zein zapore zuen zure izebak?», galdetu zidan belarri atzeko kilkerrak. Ez nekien erantzuten, eta tontakeria hura burutik kendu nahi izan nuen lehenbailehen. Hurrengo egunean, pilula urdin berdina irenstean, ez nuen izeba bertan topatu, eta pena eman zidan nire sentiberatasun faltak. Kasualitatea balitz bezala, gaur bazkaritan, gure aitak bere arreba zenak produktu kosmetiko eta osagarrietan zuen konfiantza aipatu du. Ahaztua nuen. Giro ona dago, eta ea alarguna txakurrarekin paseoan ikusten dudan.