oihana arana

Aldebikotasuna

2025eko urriaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beti izan dut gauzak badaezpada gordetzeko joera handia. Eta hala agertzen zaizkit gero, beste zerbaiten bila nabilenean, izan ginena esplikatzen duten objektuak han eta hemen.

Udako gauzak gordetzen eta negukoak ateratzen ari nintzela erreskatatu dut asteon Nintendo DS-a. Normalean ez diot kasu handirik egiten kableak eta gailu elektroniko zaharrak gordetzeko erabiltzen dudan kutxari. Eta hantxe zegoen, ahanzturaren ondoan, txukun-txukun jarrita.

Aro digitalaren lehenengo mugarrietako bat izan zen Nintendoa gure belaunaldiarentzat. Bizitzen ari garen garai hiperkonektatuaren aurrekari, a priori, behintzat, xalo bat. Jolasa birdefinitu zuen. Eskuetan pantaila bat izan genuen lehenengo aldia izan zen. Ez dakit ez ote zen hor hasi pantailekiko dugun mendekotasun orokorra.

Gure herrietako plazak klarionekin pintatzen genituen egunez eta burua izarapean gordetzen genuen gero, gauetan, begiak gorritu arte printzesak salbatzeko, txakurrak paseatzeko, kotxeak gidatzeko... Mundu biak gorpuztu ditugu umetatik. Kolektiboa eta bakartia. Analogikoa eta digitala. Hori izango da, akaso, gure belaunaldiaren ezaugarri konkretuena: aldebikotasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.