Kakiondo bat dela uste dudan arbola bat dago gure etxaurrean. Udaberriarekin batera lore borobil txiki-txiki batzuk sortzen zaizkio, eta apurka-apurka erortzen dira udara gerturatu ahala. Ez dira edonola erortzen, udako ekaitzetako euri tanten eran erortzen dira, inoren buru gainera eroriz gero min apur bat emateko moduan. Grazia apur bat egiten dit egoerak.
Fruta arbola dela uste dudan arren, ez du fruiturik ematen. Horrek ez du, ordea, nire hipotesia bertan behera uztea eragin; izan ere, irakurri dudanaren arabera, kakiak sortzeko ez da aski arbola batekin, bi behar dira gutxienez. Hori sinistu guran daramat urtebete, baina oraindik ez nago seguru.
Gure egunerokoaren gainera erortzen diren lore hauen ondorioz, eszena ia magiko bat sortzen da orain egunero gure atarian. Lore zurizko alfonbra bat zabaldu da lurrean, loreen pilaketa kaotikoak eraikitako estalki usaintsua. Eta etxeko ataritik kotxerainoko bidea loreen gainean egiten dugun ibilbide txiki bat da orain, egunerokoari aparteko geruza sotil bat gehitzen diona. Zalantza multzo bat zapaltzeak beste gorputzaldi bat ematen dizu egun osorako. Interesgarriagoa.