Iratzargailuak jo baino ordu eta erdi lehenago izan da gaur: guztiz suminduta esnatu naiz. «Uste dot ez jatela gustetan amets eittie», esan diot ahizpari esnatu denean. Benetan esan dut, asko haserretzen nau neure buruari gauak lapurtzen ari naizelako irudipen honek.
Ametsekin akordatzea ondo deskantsatu ez izanaren seinale izaten da normalean nigan. Larrituta esnatzen naiz, mugituta. Identifikaezinak eta sailkatzeko oso zailak egiten zaizkidan emozio pila bat kudeatu behar izaten dut ohetik altxatu orduko. Literaturan bai, baina bestela ez zait gustatzen iragana eta etorkizuna; fikzioa eta errealitatea nahastea. Ez naiz gosaldu aurretik egunari aurre egiteko indarra izaten duen jende mota hori. Are, sarri gosaldu eta gero ere ez dut izaten.
Gure amak esan izan didanaren arabera, umea nintzenean eskuineko belarria ukitzen nuen beti logura handia nuenean. Eta eskua belarrian jarrita lokartzen nintzenean, oso ondo egiten omen nuen lo. Gaur gauean probatu egingo dudala uste dut. Izango dut, hor nonbait, eskuineko belarriaren ertzean, pentsamenduak itzaltzeko botoi bat, nik uste.