Hara-hona pasatu dut astea. Motxilan kuleroak eta hortzetako eskuila hartuta. Batetik bestera, loaren kartografia berezi bat marrazten. Besteen kontuak, usainak, hortzetako pastak ezagutzen. Besteei pijamak eskatzen. Ez zait gustatzen etxetik kanpo lo egitea. Ahal dudan guztietan egiten dut itzulerako bidaia. Neure ohea gustatzen zait. Gure etxeko sofa. Baina batzuetan ez dago beste aukerarik: beti da komenigarria errepidean ahal den eta kilometro gutxien egitea. Deserosotasun horrek eraginda sartzen dut motxilan behar-beharrezkoa dena bakarrik. Neure burua minimora murrizteak laster berriz etxera bueltatuko naizela adieraziko balu bezala.
Antzeko jarrera izaten dut etxe guztietan: oinetakoak atearen ondoan utzi, hortzak garbitu, arropa tolestu eta gorputza koltxoi ezezagunari eman. Normalean baino beranduagora arte irakurtzen dut, logura bidean galtzen delako izango da. Goizean, papertxo batean eskerrak eman eta hanka-puntetan egiten dut kalerainoko bidea.
Hala izan da gaur ere. Ez neukan presarik, baina goiz egin dut ihes. Besteen oheetan zailagoa da nagikerian ibiltzearen plazeraz gozatzea. Eta, akaso, hori da kontua: etxera itzultzean, gorputzak badakiela amore ematen.