oihana arana

Arauak

2025eko azaroaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maider Lopez artista donostiarraren Ukitu erakusketan egon naiz asteon. Kubo aretoan eta Tabakaleran dago erakusketa, bi zatitan. Erakusketako eskuorrian irakurri nuen moduan, besteekin eta ingurunearekin dugun harremana aldatzera gonbidatzen gaituzten lanak dira Lopezenak. Eta niri beti iruditzen zaizkit interesgarriak horrelako gonbidapenak.

Luzaroan egon nintzen Polder Cup izeneko obrari begira. Polder Cup futbol txapelketa bat da, polder izeneko Herbehereetako lursail tipikoetan jokatzen dena. Itsasoari edo itsasadarreko eremuei irabazitako lur zatiak dira polderrak; urez inguratuta daudenak. Bestelako futbol zelaietan ez bezala, ura agente bat gehiago da hemen, zelaia ezker-eskuin zatitzen duelako batik bat. Horretan datza obra: joko eremuaren berezitasunek futbolean jokatzeko bestelako modu batzuk asmaraztera daramatza jokalariak eta horrek guztiz aldatzen du jokoa bera, joko eremua eta partaideak hautemateko modua.

Ez dakit ados egongo zareten, baina niretzat beti da interesgarria oso errotuta dauden arauak aldatzen direnean gertatzen denari so egotea.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.