Orain mende erdi, gaurko egunez hil zen Gabriel Aresti Segurola. Pasa den igandean, egunkari honek monografiko landua eskaini zion. Atentzioa eman zidan Patxo Telleria antzerkigileak esaten zuenak: Arestiren heriotza data da ondoren gertatu den Arestiren multiplikazioa ulertzeko gakoa. Hau da, hil zen garaian hil izanak ahalbidetu duela «bakoitzak bere Aresti» sortzen jarraitzea. Aresti goratu eta beretu du Bilboko Udalak; Aresti goratu eta beretu du GKSk. Bi Balaren kantu batek dio: «Nor izateko ez zagok hiltzea bezalakorik». Ordea, hiltzeko garaiak ere egiten du nor.
Cira Crespok kontatu digu orain Arestiren azken kultur ekintzetako bat izan zela Euskaltzainditik euskal emakume idazleen aitortza bultzatzea. Penagarriak izan zirela orduko kronikagileek haietaz idatziak, gerrak emakume haien bizitzetara ekarri zuen itzalaldiarena, baina, edonola ere, Arestiri esker egin zituztela Julene Azpeitia, Madalena Jauregiberri eta Tene Mujika ohorezko euskaltzain. Proposamen hura egin, eta handik sei hilabete eskaera hil zen poeta, eta handik gutxira idatzi zuen Amaia Lasak, haren omenezko liburu kolektiboan: «Zuk hasiera eman zenion,/ Nik bukaera eman diot, zerbaiti».