Aspaldi ikusi gabeko andre batekin egin dut topo. Gurasoen aspaldiko lagun bat. Hura ikusteak eman didan poza adierazteko bi musu ematera gerturatu eta «argalduta zaude» esan dit egin daitekeen laudoriorik onena bailitzan. Gaiari ihes egiten saiatu naiz «aspaldiko, zer moduz zauz?» xume bat ahoskatuz. «Argalduta zaude», errepikatu dit aurrez esan izan ez balu bezala. «Bueno… ez dakitt ba», erantzun diot azkenean. «Argalduta dago, ezta?», esan dio aldamenean daukadan ahizpari. Ez dakit zer gertatu den gero. Lanbrotu egiten zait errealitatea haserre nagoenean.
Hemezortzi urte nituenean aditu nuen lehenengoz lodifobia berba. Mijo Lizarzabururen ahotik izan zen. Gure fakultatean, Gunea deitzen genion ikasle gelan. Orduan ikasi nuen lodifobiak denon gorputzak erregulatzen dituela, eta antzekoa dela lodien kontrako edozein jarrera eta lodia izan nahi ez izatea. Lodi ez izateko obsesioaz eta jendea argaltzen delako pozteaz ere ari zen.
Pentsamendu autosuntsitzaileen gurpil zoroan sartu nau lanbroak. Eskerrak besotik heldu didan ahizpak: «Ez in kasurik tipa horri», esan dit. «Ez dakitt ba, ein ditxut hori baino gauza deigarrixauek azkenaldixen», esan dut. Barrez lehertu gara biok.