Angel Erro.
JIRA

Arima ederra (II)

2014ko azaroaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Arima Ederra soul kantari bat da. Arima Ederraren familia Etiopiatik dator eta amhareraz mintzo da, arabieraren atzetik hizkuntza semitikoen artean gehien mintzatua denean. Arima Ederra Atlantan jaioa eta Las Vegasen hazia den arren, Afrika aitortzen du ama lurtzat, bere burua hainbat erbesteren emaitzatzat. Arima Ederraren amak Etiopiatik Greziara emigratu zuen, eta han ezagutu zuen senarra izanen zuena, Sudanetik, errefuxiatuentzako eremu batetik, zetorrena. Arima Ederraren aitak bere sustraiak maitatzen irakatsi zion. Arima Ederra gazteago zenean, poesia maiteago zuen, kantatzea baino. Arima Ederrak reggae eta hip hopa, gogoko generoak biak, elkartuta entzun zituenean ulertu zuen musikaren ahalmenaren norainokoa. Arima Ederrak uste du gaurko musika sentimenduaz gabetu dutela, mamirik gabe uzteraino. Arima Ederra kantatzen duen horretan arima paratzen saiatzen da. Arima Ederrak badaki bere izenak zer esan nahi duen, baina ez du argitzen zer hizkuntzatan.

Arima Ederrari kazetariak galdetu dionean zer mezu bidali nahi dien irakurleei, berak erantzun du: «Maitasuna eman ezazue, aske izan, ezin adierazizkoa esan eta aurkitu bakea soiltasunean».

Arima Ederraren Old New School Love kanta ederra da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.