Berba bat egin orduko okertu zait eguna: erre egin zaizkit tostadak. Ez gosaltzea erabaki dut. Arropetara itsatsita izan dut gero usain nazkagarri hori egun osoan zehar. Lehortu egin da etxaurreko zuhaitz ezezagunetik zintzilik daukagun zinta-belarra. Loreontzia hustera joan naiz, baina egun batzuetako beilaldia uztea erabaki dut azkenean.
Hiru dei luze egin behar izan ditut esaldi bakarreko email batekin konpon zitekeen kontu bat argitzeko. Argi laranja bat piztu zaio autoari, guanterako gidaliburuarekin ordu erdiz borrokatu eta gero, olioaren filtroa aldatu behar dudala uste dut. Ez dut sekula egin. Ez dut tailerrera bakarrik joan nahi. Laguntza eskatu beharko dut seguruenik. Ahaztu egin zait bankuko txarteleko pin kodea. Ezin izan dut erosketa ordaindu. Nekatuegi iritsi naiz etxera. Oraindik umel daude nire izara faboritoak, beste batzuekin egin behar izan dut ohea.
Egun txar bat izan dudala esango luke edozeinek. Baina fokua non jartzen den… Arkume beltz bat jaio da auzoan. Nik ez dut ezer gehiago behar.