Gure aitarena zen furgonetan igarotzen dut orain nire bizitzako zati handi bat. Asko lotzen dut ibilgailua gure haurtzaroarekin. Oraindik ez ditut bere desordena, bere objektuak, bere diskoak... nireengatik ordezkatu. Umetan gorroto nituen kantak dira nire bidaideak orain. Leihoak itxi eta topera ipintzen zuen musika, kantuen letrak oihukatzen oroitzen ditut ahizpa eta biak; eskuak belarri banatan jartzen nituen nik beti. Guztiak abesteko gai naiz, hala ere.
Autoz ospitalera eraman nuen aldietako bakoitzean bere gustuko musikariren baten diskoa ipini nion. Kentzeko eskatu zidan askotan, isiltasuna gurago zuela. Momentuan pena eman zidan, eta ez nuen ezer erantzuteko indarrik izan.
«Arrazoie daukotzu», esango nioke orain. Inportantea da isiltasuna estimatzen jakitea. Podcasten sukarra eta une oro musika entzuteko beharra dira gure belaunaldiaren ezaugarrietako batzuk. Eta ez dakit, kolektiboki Spotify uztea erabaki dugun momentu hau aproposa iruditzen zait autobusean, kalean, paseoan... aurikularrak jantzi gabe ibiltzen hasteko.