Ez dakit zu, baina ni oso kezkatuta nago neure buruarekin. Horretarako arrazoi desberdinak ditut, baina aspaldian asko kezkatzen nau arreta mantentzeko dudan gaitasunak, gaitasunik ezak; ez naiz kapaz nagoenean egoteko. Ordenagailuan, oraintxe, hogei leiho ditut zabalduta. Aurreko esaldiaren eta ondorengo honen artean lau kontsulta egin ditut Interneten. Kontsultetako batean topatu dut kontzentrazioa etetean, batez beste, hogeita hiru minutu behar izaten direla kontzentrazio-egoera berera itzultzeko. Ez banu sarera jo ia bukatua nuen gaurko zutabea. Hori bai, mugikorra aparte izaten dut idazteko garaian. Neure buruak, ordea, badaki Whatsappera ordenagailutik ere sar naitekeela.
Arretaz baino gehiago hitz egiten da sare sozialen erabileraz, sakelakoaz, ikastetxeetan hartu beharreko neurriez, adina atzeratzeaz. Niri iruditzen zait, kontuari arretaz begiratzeko gai naizen apurretan, arazoa ez datzala hor, eta, are, egungo ondoez eta borroka garaikideek lotura estua dutela arretarekin. Gure gizartearen epitafioa izan liteke horrelako zerbait: bizitzen saiatu nintzen baina arreta galdu nuen.