Etxera heldu eta «Benga, Oihana… eizu mesedez», esan diot neure buruari. Zapatak aldatu, amantala jantzi eta azkar-azkar jaso ditut lau egunez lehortzen egondako arropak. Arropa besakadarekin eskaileran gora nindoala akordatu naiz: gure amamak beti esan izan digu arropak ondo zabaltzen jakitea oso inportantea dela: gero eta hobeto zabaldu, orduan eta zimur gutxiago sortzen direla. Aholku ona da plantxatzeari uko egin diogun belaunaldiontzat.
Gauza asko ikasi dizkiot amamari, baina, egiari zor, oso txarra naiz arropekin; gutxien gustatzen zaidan etxeko lana da, eta, beraz, okerren egiten dudana. Igarriko zidan berak ere, jada ez da asaldatzen nire nikietako zimurrekin.
Bost minutu-edo pasatu dira arropak ohearen gainean askatu ditudanetik. Ez naiz ganora egiteko gai izan. Ez da pentsamenduetan galdu naizelako, paralizatu egiten nau tolesteak. Tolestea ixtea da: ziklo bat, aste bat, oroitzapen batzuk. Ez dira domekak horrenbeste erabaki hartzeko egunak.
Logelako atearen kontra geldi-geldi ikusi nauenean zer gertatzen zaidan galdetu dit pisukideak harrituta. «Zure ustez zer eitten daue gure amamek parejaik bako kaltzetiñekin?», erantzun diot.