Masailezurreko mina izaten dut goizero. Ez da oso min larria, ez du leku handirik okupatzen, baina beti dago hor. Tentsioa esaten diot, hitz teknikoagoak erabiltzeak errealago bilakatuko balu lez. Masailetatik kopetaraino igotzen zait ezinegona; gaizki esandako berbekin gertatzen den moduan. Eta buruan irauten dit gero luze, berriz lotara sartu arte gutxi gorabehera.
Lo fuerteegi egiten dudalako dela uste dudala esan nion fisioterapeutari atzo. Ihes egin zion barreak. Hortzak gauez estutzen dituenak egunez ere estutzen dituela esan zidan berak. Ahoa irekita pasatu nuen gero arratsaldea. Mingaina ahosabaiaren kontra jarrita.
Ohi baino zati bat beranduago iritsi nintzen etxera. Zain neuzkan pisukideak sukaldean, lotaratu aurretik eguna errepasatzeko. «Eta zer esan dizu ba fisioak?», galdetu zidan batek. «Soltau duztala apur bat eta igarrikotela bixertik aurrera». «Inportantea da askatzea», esan zidan.
Masailezurreko minak esnatu nau gaur goizean ere. Zer askatu pentsatzen hasi beharko dut.