Gosaldu eta segituan sartu nintzen dutxara, aurrez adatsa orraztuta. Aspaldiko dutxarik luzeena izan zen. Ur beroaren azpian begiak itxita pasatu nuen tarte gehiena. Garbitzeaz gaindiko funtzio sakonak betetzen ditu dutxak askotan. Ilea toalla batean bildu, albornoza jantzi eta leihotik begira egon nintzen lehortu arte. Barrez lehertu zen pisukidea gero nik uste apur bat berandu gabiltzala esatera gerturatu eta barruko arropak jantzita kanpokoak plantxatzen harrapatu ninduenean. «Ez nekien plantxarik genuenik ere». Esan zidan. Azkar jantzi nintzen. Kotxea Pasealeku Berrian utzi, TAOaren papertxoa jartzea ahaztu eta txorakeriak esaten egin genuen Plaza Berrira arteko bidea; gida turistiko txarrak imitatuz han bizi nintzeneko txokoak aurkeztu nizkien bidaideei. Beti dira interesgarriak urduritasunaren eraginez esaten eta egiten ditugunak. Horrela iritsi nintzen martitzenean Zerua hemen aurkeztera. Beste garai batean ezkutatu egingo nukeen hau dena, baina orain, kasik ikusten dena baino garrantzitsuagoa iruditzen zait bizitzako momentu gogoangarrien atzeko aldea.
Atzeko aldea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu