oihana arana

Aulkiarena

2026ko ekainaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ordubete daramat bentiladorearen parean eserita. Ezetz ematen du, baina lagungarria da aire beroaren mugimendua. Bestela ezin izango nukeen hau idatzi. Orri zuri bat bidaltzeko indarrik ere ez dakit izango nukeen. Izotzen erruz izozkailu gustua duen ur basokadari begira nago. Nazka handia ematen dit. Uste dut gurago dudala ur epela. Gerizpetan nago, baina jasanezina da beroa. Urtzen igartzen dut azala, deformatzen. Grazia egiten dit pixkanaka aulki bilakatzen ari naizela pentsatzeak. Metafora bat ematen du, baina ez da. Gertuegi nago plastiko gogorrezko aulki propagandadun bat izatetik. Lurruntzen ari dira nire ezaugarrietako asko. Jada ez naiz adeitsua, ez naiz berbatia, ez naiz irakurzalea. Geldi dagoen zera bat naiz.

Galdera guztiei berba silababakarrekin erantzuten dien zera bat. Beroak ez dit jaten uzten, eta horregatik izango da, akaso, baina ahalik eta energia gutxien gastatzeko egin behar dudan horretan baino ezin dezaket pentsatu. Ez dakit zuek, baina ni ez nago udarako prest.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA