Nola hitz eginen da, demagun, hemendik ehun urtera, gaur amaitzen den urteaz? Guri orain iruditu bezain momentu historiko irudituko zaie gure ondorengoei ere? Geroko jendeak hori du berea, iraganeko edozeri iritzi ahal diola historiko, ia inoiz huts egin gabe. Agian larriagoa da gaurkooi, bizidunoi, utziko digun aztarna. Urteaz (eta, nahi genukeenez, baita egoeraz ere) aldatzekotan gauden honetan, nekagarri ematen du ohartzeak gure bizialdi osoan zehar aurten gertatutakoak zertaz hitz egina emanen digula, gure ondorengoak aspertu arte. Pandemiaren urtea deituko omen diogu, nobelarako izen egokia.
Berez, tranpa bat da. Ezer ez baita urtearekin amaitzen, ezer ez zen bezala urtearekin hasi. Baina kontakizun kontsolagarria da, nolabait. Gertatutako txar guztia urte madarikatu batekin lotzea. Irtenbidea hurbiltzen diguten txertoak aurreratzea, eritasunaren agerpena eta konponbidea data berean kontzentratu ahal izateko. Berdin dio ondorioak urteetan luzatzen badira, berdin dio txertatzeko lehentasuna lehen munduari badagokio (hirugarrenean ez zaie inporta, hiltzen ohituagoak daude, beste kultura bat da). Diotenez, udan betikora itzuli ahal izanen gara. Sinetsaraziko digute ordura arte iraun zuela aurtenek.
JIRA
Aurten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu