Ez dira asko, baina badira egunerokoan zerbait ezohikoa gertatu eta «Oihana Aranak honekin zutabe bat idatziko luke» pentsatzen dutela esaten didaten pertsonak. Grazia handia egiten dit, ez dizuet ukatuko. Beste pertsona batzuek dohaintzak egiten dizkidate audio mezuetan: «Hau eta hau ikusi dut, zutabe baten idatzi nahiko bazenu…», normalean, egoera oso muturrekoa denean salbu, ez diet kasu askorik egiten, baina ilusioa egiten dit detaileak. Idatzitakoekin kezkatzen direnak ere badaude; bat behintzat bai (muxu bat, ama): «Zer moduz zauz? Hori benetan pasau jatzu? Zaindu zaittez e…» eta antzeko mezuak bidaltzen dizkidan jende prestua.
Idazteko leku interesgarri bat eskaintzen dit atzoaren eta gaurraren arteko muga lauso honekin jolastu ahal izateak. Egia zer den eta zer ez denborak markatzen du gehienetan. Eta egiari zor, benetan uste dut hemen jasotzen ditudan eszenei marko literarioa kenduko banie sano egingo zenuketela barre. Hemen bestelako tresna batzuk erabiltzen ditut, baina nire eguneroko bizitza ere beti da kutrea, arrunta, hutsa. Eta horregatik da idazgarria.