maialen akizu 34 172x172

Azken-azkena

2025eko ekainaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Herrikidea dut Aritz Egea mendi lasterkaria. Mendi lasterketetan hamabi urteko ibilbidea egin ondoren, gorenean lehiatzeari uztea erabaki du. Hala adierazi zuen Zegama-Aizkorri baino astebete lehenago, eta aurtengoa berezia izan da beretzat. Hala kontatzen du atzoko berripaperean zekarren elkarrizketan: «Korrikalari askok hartu zidan aurrea azken kilometroetan, baina berdin zitzaidan. Ez nuen lasterketa amaitzerik nahi!». 

Kuriosoa da azken aldiz ezer egitea. Nik halakoetan bidaien amaieretako sentsazio bertsua izaten dut: gorputza etxetik kanpo dago, baina gainerakoa —gogoa?, espiritua?, tripak?— jadanik ez dago bertan, joan da, itzuli da etxera. Gertatzen da harremanetan: bukatu baino lehen bukatzen dira beti. Gertatzen da ikasturte amaieran, parrandaren espueletan, elkarrizketetan. Hildakoak ere, askotan, eguna baino lehen hiltzen dira. 

Ez da erraza amaieretan egotea; beti datorrelako zerbait, topatzen delako segida, kontsolatzen garelako ziklikotan. Hau da azken puntua. Edo hau. Edo hemen datorren hau. Edo, segur aski, aspaldi zegoen zutabea amaituta.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.