Martitzenean izan zen. Lanetik apur bat lehenago irten behar izan nuen bazkaltzeko astia izateko. Azken hagina kendu zidaten. Banekien gogorra izango zela, espero baino okerragoa izan zen, ordea. Nire gorputzak ez zuen anestesia behar bezala onartu, eta, nik interbentzioak min apur bat egitea normala zela uste nuenez, ez nuen ezer esan. Inoiz sentitu dudan minik handiena sentitu nuen. Bizkarra busti zidan izerdi hotzak, masailak malkoek. Esku bietatik heldu zidan langileetako batek. Aspaldi da ez nintzela ezezagunen aurrean hain zaurgarri agertzen.
Etxean nago ordutik. Ahoa zabaltzeko ezintasun handiarekin. Moldeko ogia zati txiki-txikitan baino ezin dezaket jan. Tearentzako erabiltzen diren koilara ñimiño horietako batekin jaten dut purea. Izotz bloke urdin bati pegatuta bizi naiz. Lagunak etorri zaizkit aldamenera. Zutabeak idazten ditudan bitartean liburuak irakurtzera, euren etxeetan kozinatutako jakiak ekartzera, pelikula txarrak ikustera... gauza handia da nork zaindu edukitzea. Azkenean egin diot aurre ia hiru urtez atzeratu dudan egoera honi. Uste dut aro berri bati ekin diodala esateko moduan nagoela.