Mesanotxean dudan liburuari bart gauean egindako azpimarrak errepasatzen egon naiz bazkaldu eta gero. Gustatu zaizkidan kontuak koadernoan kopiatzen, ulertu ez ditudan berbak hiztegian begiratzen, bart gustatu arren gaur txarrak iruditu zaizkidanak ezabatzen… Asko gustatzen zait ariketa. Irakurritakoen gaineko kontzientzia hartzen laguntzen dit alde batetik, eta bestalde, gaueko Oihana eta eguerdikoa zein desberdinak diren identifikatzeko gakoak ematen dizkit.
Koadernoa itxi eta pentsakor egon naiz apur batean. Umeak ginenean ikasgelan gehien gorroto nuen ariketa testuetako ideia nagusiak identifikatzekoa izaten zen. Azpimarratu paragrafo bakoitzeko ideia nagusia eta idatzi hitz gakoak. Gurago nituen matematikako problemak, pentsa. Beti egiten nuen gaizki. Asko kostatu zitzaidan testu bateko ideia inportanteena eta niri gehien gustatzen zaidana bereizten ikastea. Niretzako politenak zirenak markatzen nituen beti. Eta boligrafo gorriz betetzen zidaten liburua. Ez dakit horregatik den, baina arkatzez baino ezin dezaket azpimarratu orain. Bertute handia da ezabagarria izatea.