maialen akizu 34 172x172

Azterketak egiteko jarraibideak

2025eko ekainaren 4a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Atzo hasi zituzten Hego Euskal Herriko milaka ikaslek unibertsitatera sartzeko azterketak. Nik aspaldi ez dut azterketarik egin, eta, egiten nituenean, azterketa orria eman arte apunteak pega-pega eta hatzak tekele-mekele izaten zituzten txotxo horietako bat nintzen. Ordea, urte batzuk pasatuta, horrelako azterketa bat egiteko jarraibide hauek emango nizkioke entzun nahi duenari: Esnatu. Altxa ohetik, jantzi bezperatik bereizitako arropa, gosaldu galdera gehiago egin gabe. Sentitu lanbro guztia desegiten. Hartu kolore ezberdinetako hiru boligrafo, azpimarragailu bat, tipexa. Begiratu eta esaiozu: «Uste baino gutxiago beharko zaitut». Azterketara sartu baino lehen hitz egin lagunekin —edo egon isilik—, jan ezazu zerbait —edo ez jan ezer—. Joan komunera. Begiratu denari bakea aldarrikatu berri balego bezala. Azterketa orria ematean, lehendabizi, idatzi zure izen-abizenak, eta begiratu orriak daraman zenbakiari. Ez zara hori. Hartu arnasa, sudurretik, belarrietatik, ipurditik. Irakurri zer galdetzen dizuten, egin zirriborroak, marrazkitxoak — laukiak, izarrak, bihotzak. Hasi idazten, eta konturatu zeinen aise ari zaren, eta sinetsi, hemen denok egiten dugu ahalik eta ondoen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.