maialen akizu 34 172x172

Badoa, badoa

2025eko maiatzaren 17a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Badakit urtea azkarregi pasatzen ari zaidala bi une zehatz iristen direnean: bata neguko arropa gordetzean izaten da, eta bestea, itsasoko lehen bainua hartzean. Aurten biak gertatu dira aste berean, eta nolabait, denboraren abiadura sentsazioa biderkatu egin da. Kostatzen ari zaio gurean udaberriari negutik aldetzen, eta ilargi betearen bezperetan, sinetsi nuen nire armairuan lepo luzeko eta artilezko jertseak izateak ere ez ziola laguntzen urtaroen joanari. Ahalik eta txukunen bildu nituen panazko prakak, kamiseta luzeak eta madarikatu nituen lekua besterik hartzen ez duten berokiak. Badaezpada, kanpoan utzi nuen azkenekoz arratsaldepasa polit batean jantzi nuen trikota oraindik ere hotza egin dezakeela argudiatuta neure buruari –kuriosoa da nola saiatzen naizen beti nik-ez-dakidan-nire-zer konbentzitzen. Bigarren inflexio puntua itsasoko lehen bainua izan da. Lehen ez nintzen sartzen uda ondo udatu arte. Orain arrapaladan egiten dut, «hotza bakarrik da, hotza bakarrik da» esaten diot neure buruari, eta garuna izozteko beldur eta desioz sartzen dut kaskezurra ur-azpira. Eta itsasoan, denborak, olatu soinua du.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.