Beste plan batzuk ere egin daitezke, baina berez-berez maite ditugun poema liburuak berrirakurtzeko diseinatu zituzten domeka goizak. Astero ezin izaten dut, baina logela egurastu, gosaria egin eta Paula Melchor idazlearen Amor y Pan liburuko Desayuno izeneko lehen zatia irakurri dut kafe usaineko sukaldean.
El río poemak harrapatu nau bereziki. «Maitaleen galerak beldurtzen gaitu./ Erleen galerak beldurtzen gaitu/ eta errekara daraman/ bidearen ertzetan hazten diren loreenak./ [...] Ezagutzen dugun edertasunaren/ galerak beldurtzen gaitu».
Bukaeran dakar bigarren kolpea: «Zahartu eta ederra izateari uzten diodanean maiteko nauzu?/ Maiteko zaitut. Egunen batean poema/ txarrak idatzi eta konturatzen ez banaiz, esango didazu?/ Esango dizut».
Azken esaldi hori hirugarren aldiz irakurri dudanean amaitu dut kafea. «Auskalo zenbat aldiz egin ote ditudan galdera batzuk entzun nahi nuena erantzun ziezadaten bakarrik». Idatzi dut poemaren ondoan. Zuek ere, egunen batean zutabe txar bat idatzi eta konturatzen ez banaiz, esango didazue, ezta?