oihana arana

Banku hori

2026ko urriaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako Miramar parkean badago banku bat nire banku gustukoenen zerrendan dagoena. Antiguan bizi nintzenean, askotan joaten nintzen bertara, koadernoa besapean hartuta. Jende klase hori izan nintzen karrerako urteetan, badakit espero zenutela.

Banku zuri bat da, itsasoa ikusten da bertatik. Urte batzuk pasatu dira azkenekoz arratsaldea bertan pasatu nuenetik. Asteon egin dut berriro. Ilusioa egin zidan. Pisukide ohi batekin gelditu nintzen. Behar baino denbora gehiago generaman elkarrekin lasai egon gabe. Ez genuen ezer berezirik egin, min zaharrak eta poz berriak zerrendatu, eserita egon eta itsasoari begiratu. Nik ez dut hori baino gehiago behar izaten.

Besarkada luze batekin amaitu zen gure zita. Parkearen albo banatatik irten ginen, nor bere bizimodurantz. Etxera bidean, lanaren inguruan eraikitako bizimodu honek lapurtzen dizkidan harremanei, lekuei, plazerei buruz baino ezin izan nuen pentsatu. Lagun baten ondoan banku batean esertze hutsak bizitza edertzeko duen gaitasunari buruz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA