oihana arana

Bart

2026ko ekainaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aspaldi ikusi gabeko lagun batekin afaldu nuen bart. Berandura arte egon ginen bere etxeko mahaian parez pare jarrita. Elkarrekin lasai berba egin genuen aurreko alditik igaro den urte eta erdian gertatu zaizkigun denak aletzen. Azkenaldian astean zehar baino ezin ditut egin gauzok. Lasai afaltzea, eguna ohi baino gehiago luzatzea, etxera heltzeko presarik ez izatea. Pozik etorri nintzen bueltako bidean. Apur bat nahastuta ere bai. Elkarrizketagai konplexua izaten da iragana. Aparkatu arte ez nintzen konturatu: kotxerik ez inguruan. Ni baino ez nengoen lotarako. Horrek zera esan nahi du: ohera sartu baino lehen ureztatze erronda luzea egitea zegokidala. Sei-zazpi bat buelta iturritik ortura. Gehiegi ordu txikitan etxeratu den edonorentzat. Atea zabaldu baino lehen egitea erabaki nuen, perezari agertzeko astirik eman gabe. «Ba ez dakitzue gaur zeinekin egon nazen», esan nien tomate landareei; «bai, landara danak ez die egunero ureztatu biher». Barrez aritu nintzen gero ohean, gaur lagunari kontatu dizkiodan denak iazko udan tomateei kontatu nizkiela akordatu zitzaidanean.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE