oihana arana

Basurdea

2026ko maiatzaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egun ederrak gautzen direnean egin daitekeen gauzarik onena gaugiroa aprobetxatzea da. Jertsea jantzi eta oinak lurrari ematea. Harriek beroa nola askatzen duten igartzea. Gauez paseatzeaz ari naiz. Bai, berriz ere paseatzeaz. Gorputzaldi lasaiz abiatu nintzen bart etxe inguruko bideetan barrena, gauak arroztutako paisaiari kasu apur bat egitera. Mugikorra poltsikoan hartu nuen badaezpada, argirik behar izatekotan eskura izateko.

Buelta amaitzear nengoela, etxetik hirurehun metro ingurura gertatu zen, bidearen zatirik ilunenean. Ezkerrera begiratu eta basurde handi baten kanika begiekin egin nuen topo. Metro erdira egon arte ez nuen ikusi. Begietara begiratu zidan. Kurrixkaka hasi zen begirada kendu nionean. Paralizatu egin nintzen ni. Pare bat segundoko kontua izan zen. Luzeak segundoak, hori bai. Korrika abiatu ginen gero biok: maldan gora bera, basorantz. Eta maldan behera ni, etxerantz. Atea gurutzatu arte ez nintzen baretu.

Idazmahaian eseri eta ihes egin zidaten berbek orri zuriaren gainera: «Neure kulpie izen da: ez dakitt zegatik ahazten jaten gaba gabekuena dala».

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA