Bat-batean udara da, beroa dator eguna, argitan igeri dabiltza jendeak; garagardo hotz bana edatera esertzen dira bikoteak terrazan, gaur ez daude diruari begiratzeko, ezaxola naroa hedatu da hirian; gidariak eguzkitako betaurrekoen patxadaz dabiltza, leihatila beheraino jaitsita, azalean haizea sentituz, ez dute presarik, mesedez, esaten dizute, pasa lasai.
Bat-batean udara da, bukatu da eskola haurrentzat, bukatu da eskola gazteentzat, langileak hilabete izango du, hamabost egun, zerbait, eta ahal duenak oporretan kanpora egingo du, azken orduko irteeraren bat besterik ez bada ere, ur garbi urdinetan utzi nahi lituzke urte oso bateko kezka guztiak, giza alga bat izan, olatu txikiek hara eta hona eraman dezaten utzi, ur azpiko soinuei jarri arreta, begiak itxi eta begien atzeko aldea laranja bizi batekoa dela ikusi, galdu, erabat galdu, eguzkia ikusi dena erretzen, dena zuria dela konturatu, zeru urdina ere zuria dela ikusi, maitasun kantu batekin ibili egun osoan kanta-marmarrean, ahaztu, dena ahaztu.
Egunkariak mehetu egingo dira poliki-poliki, eta bidaia agentzien katalogo itxura hartuko dute, lehenaz gain. Udara da, bero egiten du, eta munduak gutxi axola du bat-batean.
Jira
Bat-batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu