oihana arana

Begi-zuloak

2026ko irailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lan gehiegi eta lo gutxiegi egiten daramatzat pare bat aste. Hasi zen bezala bukatuko den zerbait da, entrega konkretu batekin lotutako antsietatea bakarrik. Ez dadila inor gehiegi kezkatu. Esanguratsua da, halere, egoera.

Hasieran indartsu ekin nion jardunari, eta indarrak iraungo zidala pentsatzen nuen arren, nekeak ahituta nago konturatzerako. Beranduegira arte egoten naiz pantailaren aurrean, eta ordenagailua itzaltzen dudanean lokartzeko aktiboegi egoten naizenez, bueltaka ibiltzen naiz ohearen alde batetik bestera, loezina madarikatzen.

Komuneko ispiluaren islarekin hartu berri dudan sustoak pentsarazi dit honi buruz. Gero eta beltzagoak dira nire begi-zuloak. Gero eta tristeagoa nire aurpegiera. Badakit zentzubakoa dela, baina gorputzean ondorio ikusgarriak igarri arte kezkatzen ez den jende klase hori naiz.

Txorakeriak esaten ari naizela irudituko zaizue, baina ez da hori. Badakit ez dela beste munduko ezer. Badakit ez zaidala niri bakarrik gertatzen. Baina ohikoa izateak ez du esan nahi ongi dagoenik. Ez dut begi-zulorik nahi, ez niretzat ez beste inorentzat. Txoriekin batera esnatu eta paseatzeko tartea baino ez dut nahi. Hainbeste eskatzea da?

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA