Udazkena ederra da, baina badaude udaran bakarrik egin ditzakedan ekintza ezin ederrago batzuk: etxeko arropen gainean mantala jantzi eta tomateei kasu egitera irtetea, adibidez. Lehenengo egunetan isilik eta neure baitara bilduta ibili nintzen lanean; baina halako batean, neure buruarekin ari nintzelakoan, han hasi nintzaien, neure minen eta pozen multzoa esplikatzen. Azkenerako uda osoa pasatu nuen eurekin berbetan; pentsa, hainbeste ohitu nintzen eurekin berba egitera, ezen neure kontuekin amaitu eta zer moduz zeuden galdetu bainien behin. Barrez lehertu nintzen segituan, egoeraren absurdoaz jabetuta. Fruitu ederrak eta onak eman zituzten landareek gero, abuztuan; neure kontuak entzun zituztelako zela esaten nien zaporea goraipatzen zuten lagunei. Arrazoia eman zidaten denek.
Tomateak kendu genituenean, udaberrira arte beste ortuaririk ez ipintzea erabaki genuen, eta damu naiz orain: elkarrizketa horien falta sumatzen dut. Saiatu naiz hutsunea atondoko pentsamenduekin betetzen. Baina beste klase batekoak dira landare hauek. Ohituegi daude isiltasunera.