Jira. Xabier Gantzarain

Berriro

2011ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Lasai, bukatu da, akabo oturuntzak, mozkorraldiak eta bihotzerreak, hemen da berriro batere normala ez den normalidadea, fini da edozeinek edozeini zoriona opa behar zikina, amaitu da funtzioa, egin txalo, jantzi berokia, kanpoan hotz egiten du, eta hemen dira berriro eguneroko antzerki topaketak, aspaldi eman zizuten papera, hauxe daukazu, hemen da berriro bakoitza bere baitara bildu eta bere zorionaren xerka hastea, zaputzak ahaztea, hemen da berriro asteroko futbol jardunaldi hil ala bizikoa, bihar lanera, etzi asteartea, hemen da berriro urte berria, aurten ere diferente izanen da.

Aurten ere diferente izanen da, eta txoriek libre egingo dute hegan. Bihotz oneko jendea ez da egongo eguberrien zain, ez dizute zoriona opako ez bada benetan, ez dute kezkarik agertuko batere axola ez zaienean. Eguneroko borroka txikietan itota ibiliko da behartsua, halaxe behar baitu boteretsuak. Gerra piztuko dute munduko bazterren batean, gutxi batzuek asko irabazi eta beste guztiek dena galtzeko. Albistez beteko zaizkigu meza medioak eta garunak egunero, eta egunero libratuko gara. Maite ditugunen alboan egoten saiatuko gara. Galdu egingo dugu akaso, baina azkeneraino borrokatuko gara. Berriro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.