Ez nuen nahi. Baina hemen naiz. Berriro. Ez nuen Jon Anzaz hitz egin nahi. Ez nuen egin diotenaz hitz egin nahi, pairarazi behar izan diotenaz, 11 egunez hamaika aldiz sufritu duenaz. Ez dut pentsatu nahi burutik pasatuko zitzaizkion mamuez, nola egingo zien aurre txapelokerrei, aurre egingo zielako.
Orain, hilik dago, gorpu. Izozkailuan izan dute 11 hilabetez. Autopsian, kanalean zabaldu dute, goitik behera, ezker eskuin. Barrutik hustu. Eta ez dut gogoko.
Prentsaurrekoak, salaketak, ageriko isiltasunak, bertsio ofizialak. Ez dago ezer ikertzeko. Ez dago ezer argitzeko. Ikertu arren ez baita ezer argituko. Frantziako Polizia Espainiakoa bezain zorrotz eta arduratsua izango da. Honelako kasuetan bai. Ez du hutsik egingo. GALen hilketen inguruan egindako ikerketak bezain arrakastatsua izango da honako hau.
Susmatu nahi duenak izango ditu susmoak. Agian, bertsio ofiziala sinetsiko du norbaitek. Erantzunik gabeko galderak mila izango dira. Baina, berriro diot, ez dago ezer argitzeko. Inor gutxik sinetsi zuen Mikel Zabalzak txapelokerren eskuetan zela ihes egiteko Bidasoara jauzi egin zuenik. Denok genekien zer gertatu zen. Kasu honetan ere bertsio ofiziala berbera izan da: Jon Anza itota aurkitu dute Bidasoan.
Bertsio ofiziala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu