oihana arana

Besteen oheak

2026ko irailaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Goiz da. Iratzargailuak jo baino lehenago esnatu naiz. Gero eta gehiagotan gertatzen zait hori. Lagun baten ohean nago, bakarrik. Infernuan ere lagunak izatea komeni dela esaten zuen beti gure aitak. Ez dakit ados nagoen. Lanera joateko deitzen dizuten lekuetatik gertu bizi diren lagunak izatea, hori bada inportantea.

Bere argazkiak, bere idazmahaia, bere liburuak ikusten ditut bere izaren artetik. Intimitatea konpartitzeko modu berezi bat da norbere logela beste bati zabaltzea. Are bereziagoa zu aurrean ez egonda.

Infinitudrama konpainiaren Promesarik txikiena ikustera joan ginen zapatuan. Bertatik irtendakoan hartu nituen oharrak errepasatu ditut oraindik ohetik mugitu gabe.

Adiskidetasuna deserromantizatzeaz, gure bizitzei buruz termino burokratikoetan hitz egiteko dugun ohituraz, lagunekin kantatzearen ederraz… pentsarazi zidaten. Elkarri ohea uzteari eta elkarrekin erromantikoak izateari buruzko ideia batzuk zirriborratu ditut aurreko oharren ondoan.

Ez dakit zergatik ari naizen goiza argitu baino lehen adiskidetasunari buruz pentsatzen. Goiza argitu baino lehen pentsatzea bera da harrigarri zaidana, ez adiskidetasuna.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA