oihana arana

Bi zaldi

2026ko uztailaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Betiko bueltatxoa egin dut gaur ere. Astoei kasu egin, errekan oinak busti eta beti hor egoten diren bi zaldiak topatu ditut lehenengo bihurgunearen alboko zelaian. Gure auzoan pila bat daude, baina bereziki zaldizalea ez naizenez, ez diet arreta handiegirik jartzen. Horregatik ez dizkizuet aurkeztu gaur arte. Ikusten dudanaren berri ematen dizuet nik, ez parean daukadanaren berri.

Tira, noan harira. Zaldiak. Bi zaldi daude. Zuria da bata, marroia bestea. Beti leku berean egoten dira eta beti postura berean: elkarren aldamenean jarrita, baina kontrako noranzkoan. Paseoan doanak bati muturra eta besteari buztana ikusteko moduan. Askotan ikusi izan ditut horrela, baina gaur arte ez zait deigarria egin disposizioa. «Estrategikue edo izengo da», pentsatu dut neure artean. Oso oker ez nenbilela esan dit Internetek etxera iritsi naizenean. Elkarren euliak uxatzeko edo bien artean 360 graduko ikuseremua izateko egiten omen dute.

Mundua bikoteka antolatzeko geureak baino arrazoi interesgarriagoak dituzte zaldiek, antza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA