Irakurtzen ari naizen liburuari buruzko ohar batzuk idazten hasi naizenean gertatu da: boligrafoa lehertu zait eskuetan. Beti eskura izaten dudan boligrafoa. Orban urdin batek okupatu du idazmahaia, barrez lehertu naiz bi esku urdinei begira. Ez dakit noiz gertatu zitzaidan azkeneko aldiz, DBHko sasoian edo.
Boligrafoen ipurdiak hozkatzeagatik errieta egiten zigun irakaslearekin akordatu naiz. Boligrafoa alkandorako poltsikoan lehertu zitzaionarekin. Arkatzez idaztea seguruagoa zela esaten zuenarekin. Letra txikiegia neukala esaten zidanarekin. Bi orduko azterketak egin eta gero izaten genuen eskuko minarekin. Txukun-txukun hasi eta ezin okerrago amaitzen zuten idazlanekin.
Boligrafoa zakarretara bota, mahaigaina txukundu eta konketara abiatu naiz eskuak garbitzera. Gorputzaldia tristatu zait ur urdinari begira. Batek daki zenbat gauza galdu ditugun dena eskuz idazteari utzi genionetik. Ez dakit zergatik ez zaigun kezkagarria iruditzen maite dugun jendearen kaligrafia ere ezezagun zaigun garaiotan bizitzea.