oihana arana

Borroka

2026ko martxoaren 18a
00:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurtzen ikasi genuenean, egon zen garai bat non kaleko kartel guztiak ozenki irakurtzen hasi ginen. Gurasoen eskutik ibiltzen ginen oinez isildu ere egin gabe: S-e-v-e-n-d-eo-se-alq-uila. Zer da alquila? Far-ma-c-i-a-d-e-gua-rd-i-a. Zer da guardia? Gr-eb-a-oro-ko-rra. Zer da greba? Galderak egin bai, baina ez genion erantzunari kasu handirik egiten, erantzuna baino lehen iristen zen hurrengo irakurgaia. Entzundako azalpenei interes propioak gehitzearen ondorioz, greba eta jai kontzeptuak gertuegi zeuden nire hiztegian. «Orduen bixer jai da? Jolasien ibiliko ga?», galdetu eta «Ointxe esplikau dotzut, ez da jai», esan zidan gure aitak. «Batzutan gauzak ez dauz ondo, eta hori aldatzeko danok ein biou burruka». Berehala galdetu nion: «Baina aita, orduen burruka eingozu bixer?». «Burruka eittie txarra da e, ez da ein biher». Barre egin zuela uste dut. Ulertu ez nituen berba pila bat korapilatu zituen bata bestearen atzetik. Konbentzitu ninduen: une horretan sartu zen borroka hitzaren beste adiera bat nire hiztegi partikularrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA