oihana arana

Bukaera

2025eko abenduaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ia sendatuta daudenean azkazalarekin ukitu eta berriz zabaltzen ditut mota guztietako zauriak: berriz has daitezen odoletan; berriz has dadin prozesu guztia. Ohitura txar bat da, baina zer egingo diot. Ez zaizkit bukaerak gustatzen. Sekula ez ditut ondo ixten urteak, zauriak, kontakizunak. Bukaera bat eten bat da; hasiera bat, berriz, pauso bat. Eta hobeto sentiarazten naute, alferrik bada ere, bide bat iradokitzen duten ekintzek.

Sekula ez naiz bukaera datekin akordatzen. Ez zaizkit garrantzitsuak iruditzen. Liburuetan eta eguneroko elkarrizketetan lehen esaldi on bat eta azken oso txar bat gurago ditut, azken bikain bat eta lehen arrunt bat baino. Denok pentsatu beharko genuke gauzak nola hasiko ditugun. Gero bukatu, ahal dugun bezala egiten ditugu, eta ez zait epaitzeko modukoa iruditzen. Ahal duguna egitea gauza handia da normalean.

Urte bukaera ospatzeko elkartuko gara han eta hemen gaur. Ez dakit zer gertatuko den, baina uste dut urte bukaera epikoenak ere ezingo duela berdindu gaur goizean esnatu, etxaurrera irten eta udazkenean erein nituen tulipak ernetzen ari direla ikusteak eman didan poza.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.