Pilota bat izan zitekeen supermerkatuan, jostailu bat sex shop-ean, apaindura iragarkian, baina bular bat bihurtu da edoskitzeaz hizketan ari garen korroan. Bularrak esnea nola sortzen duen kontatu digu emaginak. Nola dakigu esnerik ba ote dagoen barruan? Zer gertatzen da husten zaigunean? Zer egin behar dugu betetzeko? Esan digu bularra ez dela almazen bat, fabrika bat dela, izatekotan, eta pentsatzeko bestela; emari bat dela sortzen eta sortzen. Logikak salatzen gaitu. Iruditzen zaigu dena bukatzen dela, lorpenak sakrifizioa duela atzean, gauzak jakin egin behar direla. Xamurtasuna, usaina, konfiantza behar omen dira bularretan esnea izateko. Eta ez naiz ausartu horiengatik galdetzen. Emaginak kontatu digu arazoak egon daitezkeela: titiburuak barrurantz ditugula batzuetan, pitzadurak sortzen direla, haurrari posible dela mihipekoa ebaki behar izatea. Eta inork ez du gehiago galdetu. Gero gezurrezko bularra eta gezurrezko haur bat pasa ditugu eskurik esku esnea emateko posturak praktikatzeko: sehaskako postura, errugbikoa, zaldiarena. Ile-kizkurduna, esku batean bularra eta bestean haurra, negar batean hasi da. Intziri egin du eta bularra estu-estu hartu, pilota bat bihurtu arte.

Bularretan esnea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu