Astebururako plana: ostiralean Sunbillan bertso-pilota, Ados pilotak antolatutako Etxeko Memoriala; larunbatean Señora sariketaren finala Iruñeko Zaldiko Maldikon; igandean Buruz Buruko Txapelketaren finala Bizkaia frontoian. Ezin izango naiz hiruretara joan, baina jarraituko ditut hirurak. Ez dakit bertsoa eta pilota ondo uztartzen diren, bilatu daitezke eta bilatzen ditugu elkartzeko puntuak, antzekotasunak, baina atzoko zutabean aipatu nuen izeba zenari eta pilula urdin bati ere hartuta nagoela parezera. Irudimenak hiru eszenatokiak nahastu dizkit: imajinatu pilotariak, bertsolari señorek atseden hartzen duten bitartean tanto pare bat jokatzen; podiumean Jokin Altuna eta Iñaki Artola, txapela, garaikur eta zorionak ematen Rosi Lazkano eta Kristina Mardarasi; irudikatu Sunbillako partida ETB1en, eta praka zurien partez leopardunak dituztela, edo leginsak, edo emakumeentzat egindako praka zuriak; imajinatu hiru publikoak nahastu eta Iruñean azaltzen direla Bilbora zihoazen autobusak, Bizkaia frontoian señorakoak daudela, ez direla kabitzen, eta publikoak, halere, txalo egiten diela gogotik parekoei. Hiru planen izenburu nahasketan Etxeko Señoren Buruz Burukoa atera zait. Hori zer den, ez dut imajinatu beharrik izan.

Buruz burukoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu