Besoa eskaini nion eta hartu egin zidan. Andretxoek bezala egin genuen pisukideak eta biok autobus estaziotik Gasteszenara arteko bidea aurreko zapatuan. Pauso txikiak, baina azkar. Presaren eta pozaren arteko ibilkera hori. Niri gustatzen zaidana. Antzerkira joan ginen. Metrokoadroka kolektiboaren Bi baso bat ur obra ikustera.
Ahots bat eta lau gorputz. Hori topatu genuen oholtzan: «Lea dut izena eta kontatu nahi dizuet zergatik ez naizen dantza egiteko gai». Une horretan isildu zen zerbaiten zain nagoenean nire kezkak bata bestearen atzetik eta modu desordenatuan gogorarazten dizkidan deabrutxoa. Horrekin batera sartu nintzen antzerkira.
Isilik irten ginen gero aretotik. Norbera bere deabruekin berbetan. «Zerua margotuko dugu urdin argiz…», kantaxkatu nuen neureak isilarazteko. Kantari hasi zen pisukidea ere. «Bueno, ze pentzau jatzu?», esatera ausartu nintzen azkenean. «Dantza egiten hasi beharko dugula». Barre egin genuen biok. Komentario txiki bat baino ez dirudi, baina aste osoa daramat horri buruz pentsatzen. Uste dut nik ez dizuedala kontatuko zergatik ez naizen dantza egiteko gai.