Eguerdiko kafea hartzen ari nintzela mobila hartu eta lagun batek «Feministaldiko argazki baten ikusi zaitxut kuadernua eskuan» zioen mezua bidali didala ikusi dut. «Badakitzu, badaezpada beti apuntetxuek hartzen…» esan diot. Hogeigarren aldiz antolatu dute kultura feministari eskainitako Feministaldia jaialdia donostian. 2019an ezagutu nuen nik, eta urteroko zita bilakatu da ordutik.
Databasa lelopean egin dute aurtengoa. Eskuin muturraren gorakadaren ondorioz, faxistek Interneten eta sare sozialetan duten lekua (zilegitasuna, inpunitatea…) bihurtu nahi dute mintzagai, datuen objektibotasuna zalantzan jarri, datuen materialtasunaz hausnartu eta egoeraren gaineko irakurketa feminista, queer eta antirrazistak egin, besteak beste.
Honako ohar hau topatu dut idazmahaian eserita atzoko hitzaldietako apunteak errepasatzen nenbilela: «Berrirakurri Circuito cerrado de vigilancia liburua». Ezin hobeto azaltzen du atzo izan nuen sentsazioa Mayte Gomez Molinaren poema bildumari egin nion azpimarretako batek: «Datuak jeneratzen ditut sofan eserita / zerbait egiten ari naiz ezer egiten ari ez naizenean: akituta nago».