Tesia ere defendatu egin behar da, sikatearen kontra, justiziaren kontra, zeure buruaren kontra, defendatu. Normalean, aukeratutako epaimahai baten aurrean defendatzen da tesia, epaimahaikideen galdera eta laudorioak erantzun behar dituzu sotilki, eta gero, bazkaltzera gonbidatu behar dituzu. Oraindik ez dut ezagutu epaimahaia bazkaltzera gonbidatu ez duenik, eta oraindik ez dut ezagutu tesiaren defentsa gainditu gabekorik.
Gaur M.k aurkeztuko du bere tesia. Ordu asko sartu behar dira lan honetarako, eta M. gai da orduak sartu, orduak atera, eta beraiekin eskultura bat egiteko. M.ren tesia badirudi berak soilik egin zezakeen tesi bat dela, eta halere, ez da bere-berea, herriaren tesi bat da, halakorik posible bada. Azkazal luze-luzeekin idatzi du tesia M.k, ordenagailuan dozenaka leiho zabalik zituen bitartean, kaskoetan podcast bat, mugikorrean Instagrama, eta gai zen M. lanean kontzentratzeko, ondokoa entzuteko, parekoa laguntzeko, dena aldi berean, dena taxuz. Berak aurkeztuko du tesia, baina mereziko luke bera aztertzeko tesi batek.