Zenbaki ezezagun bat agertu zait mugikorreko pantailan. Deika ari zaizkit. Estutzen igarri dut arnasa. Buelta eman diot mugikorrari. Mahaiaren kontra geratu da pantaila. «Urgentie bada deittuko daue berriz», pentsatu dut. Ezer gertatu izan ez balitz bezala jarraitu dut. Interesgarriak dira geure buruei esaten dizkiegun gezur txikiak.
Uste dut ez dela neurea bakarrik telefonoz berba egitearekin daukadan harreman arraroa. Bat baino gehiago gara hiru minutuko audio mezuak entzuteko gai izan, baina minutu erdiko deiei ihes egiten diegunak. Komunikazio bideak aldatu diren neurrian aldatu dira gure gaitasunak. Kezkagarria bezain logikoa da.
Candela Sierraren Lo sabes aunque no te lo he dicho komiki bikaina etorri zait gogora. Gure garaiaren kronika eder bat da. Egunerokotasuneko komunikazio arazoak zerrendatzen ditu xehe-xehe, norbanakoen arteko harremanak gero eta azalekoagoak direla adierazteko. Tristatu egin ninduen irakurketak. Tristura horrek adoretuta edo, lehengo telefonoari deitzea erabaki dut azkenean. Zer den erantzuten ez digutelako poztea.