oihana arana

Demagun (II)

2026ko martxoaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Demagun igandea dela. Demagun etxean nagoela, nire bizitzako asterik luzeena izan dela eta marmarti nagoela. Demagun lehen haserre berba erabiltzen nuela horrelakoetan, baina muturra okertu orduko tonu txeratsuarekin marmarti esaten zidan bizikide bat izan nuenez geroztik, aldatu egin dudala gorputzaldiaren izena. Demagun nekeari garrantzia kentzeko estrategia bat baino ez dela. Demagun funtzionatzen duela.

Demagun laneko ordenagailuaren aurrean nagoela. Demagun buscaminas partida bat irabazi dudala. Demagun neurriz kanpoko poza eman didala horrek. Demagun poz horrek eman didala garbigailua jartzera jaikitzeko indarra. Demagun lanean jarraitu dudala gero. Demagun zentrifugatzen hasi denean lehertu dela nire haserrea. Demagun zaunka egin diodala garbigailuari. Demagun isildu egin dela. Demagun ez dela egia. 

Demagun inoiz ez dizuedala nire bizitza kontatu. Demagun ni hori guztia egiten irudikatu nauzuela. Demagun ezagutzen nauzuela uste duzuela. Demagun igandeetan ez dudala idazten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!