maialen akizu 34 172x172

Demokraziaren kalitatea

2025eko ekainaren 21a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Demokraziaren kalitateari buruzko lantalde bat eratuko du Eusko Legebiltzarrak. Halako albisteak irakurtzean, 3 urteko haurraren jakin-nahia besteko galdetu gurak harrapatzen nau. «Zer da demokraziaren kalitatea, ama? Kalitatea nola neurtzen da, etiketa irakurriz? Azukre asko badu txar-txarra da, ezta ama?». EAJk eta PSE-EEk proposatutako lantaldean, Imanol Pradalesen politikan gizalegez aritzeko dekalogoa dago oinarrian. «Ama, gizalegez aritzea zer da? A, jator aritzea bada, ‘kaixo’ esan behar diote elkarri, eta daukatena banatu? Nik aurrekoan Liani mahatsa eman nion eta berak niri patxintxiak ez. Gorbatadun horiek emango dizkidate patxintxiak?». Pau Blas PSE-EEko legebiltzarkideak eskatu du «eztabaidaren maila» igotzeko. «Eztabaidak mailaz igotzen dira, ama? Maddi laugarren mailara pasako da. Gure eztabaida ze mailatan dago? Eta errepikatu dezake maila eztabaida batek? Urko aurten berriz egongo da bigarren mailan». EAJko Xabier Barandiaranek ohartarazi du «ustelkeriari aurre egiteko gaitasuna» galduegin duela sistemak. «Ama, nola egiten zaio ustelkeriari aurre? Niri esaten didazu sagarra usteltzen bada zakarrontzira botatzeko. Sagar ustelari aurre egiten ikasiko dut handitzen naizenean?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.