Zapatilak lotu ditut atearen ondoan daukagun aulkian eserita. «Banoia» oihukatu eta berehala ireki dut etxeko atea. Oin biek atea gurutzatzen dutenean beti dago segundo bat non atea ixteak beldurra ematen didan. Bueno, beldurra… alerta txiki bat izaten da. Itxi aurretik neure buruari dena errepasatzeko agintzen dion alertatxo bat.
Tarte laburra izaten da. Ez oso inportantea. Kristauek etxeko atarian aitaren egiten duten unearen antzekoa. Erritualtxo bat. Bizimodua ordenatzen laguntzen didana. Gaur ere, ateari ezker eskuarekin heldu eta geldi egon naiz apur batean. Kartera, kotxeko giltza, mobila, bufanda, mukizapia. Dena prest. Honen bila joango naiz, gasolindegira joango gara, hemen aparkatuko dut, garaiz nabil. Dena ondo. Arnasa hartu, atea itxi eta autorantz abiatu naiz.
Aldapa igo, herrira iritsi eta orduan akordatu naiz gaur ere. Itzultzeko beranduegi denean akordatzen zaizkit beti errepasatu ez ditudan gauza guztiak. Etxeko giltzak etxe barruan ahaztu ditut. Interesgarria da tarteka ezbehartxo hauek ere gertatzea, dena ondo egon dadin ez baita nahikoa atea itxi osteko bi segundoko lasaitasun hori.