Jira

Denok alai

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2011ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Ezinaren egunerokoa idazten ari naizela sentitzen dinat batzuetan, burumakur nabilen, zabar ari naun, ahopean bezala, esatekoak amaitu eta lore jokoetan ariko banintz bezala, estilo ariketak ditun, eta ez naun Queneau, itxaropenik gabeko ziniko zikin bat bihurtzeak ematen zidan beldurrik handiena, beti besteren gainetik hizketan, paternalismoz gainezka, azkar plantak egiten. Neure ezina besteren ezinaren antzekoa izanen dela pentsatuta esertzen naun ordenadore aurrean, akaso hortxe zagon akatsa, begi kolpe bakarrean eta segundo erdian epaitzen dizkinat kalean gurutzatzen ditudan ezezagunak, eta neu naun akaso ximeltzen ari dena, behera eta behera doana, bizitzari ziztrina irizten diona gauzak gaizki doazenean, egunen gurpilean bueltaka zeharo zorabiatu eta mundutik jaisteko beharra sentitzen duena, neu naun akaso, baina autobusean ikusten ditudan bisaia horiek ez ditun pozik eta alai bizi den jendearenak, ez zekinat, ezingo ninake asmatu hitz egokiak aurkitzen, ez dun nekea bakarrik, ezin din izan, bakardadea agian, komuniorik eza, komunitaterik eza agian, izatekotan halako zerbait dun.

Alaitasun kolektibo bati buruz hitz egingo ninake gustura, baina ez dinat modurik aurkitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.