Emaila txukuntzen igaro dut goiza. Ireki gabe nituen publizitatedunak ezabatzen, garrantzitsuak karpetetan antolatzen, jada irakurtzen ez ditudan newsletterretako harpidetzak kentzen… Lan arina izango zelakoan hasi dut jarduna; amesgaiztoek eragindako pentsamendu intrusiboen sorgin-gurpiletik irteten lagunduko zidalakoan. Orduak eman ditut mezuak irakurtzen. Orain dela bi urte lagun batek erremolatxa izozteko aholku eske bidali zidan mezua; noizbait erantzuteko irakurri gabe eta izartxo batekin markatutako orain dela zortzi hileko email hiper-garrantzitsua; iazko udako argazkiak; karrerako lehenengo mailako lanak, aspaldiko autobus bidaietako txartelak… agertu zaizkit begien parean. Ohartu orduko joan zait goiza. Goizean nahaspilatu nauten pentsamenduetatik ihes egin ahal izan dut; berriak aktibatu zaizkit, ordea. Hori da oroitzapenak ordenatzearen okerrena: oraina desordenatzen da. Ez dut dena ordenatzeko denbora izan, gainera. Baina tira, horretan datza bizitza: gauzak heldu garenean zeuden baino apur bat hobeto uztean.
Desordenaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu