maialen akizu 34 172x172

Detektibearena (III)

2025eko uztailaren 29a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Agian ahaztuta izango duzue, baina otsailean kontatu nuen banuela bikotekide bila zebilen lagun bat. Hiruzpalau enkontru izan zituen lige batekin, detektibea zen lige batekin, mezu batean berriz ez zuela gelditu nahi esan zion arte. Lagunari baino pena handiagoa eman zidan niri. Detektibe haren existentziak detektibeen munduarekiko interesa piztu zidan: detektibe gradua egitea ibili nuen buruan, misteriozko pelikulak besterik ez nituen ikusten, tripa barruko haurrari Sherlock izena jarri nahi izan nion. Pasa zait beroaldia. Baina zer-eta detektibea azaldu da berriro. Larunbatean, lehenengo tragoaren eta azkenaren erdibideko denbora horretan, agertu omen zen tabernan, bat-batean, hankak garbi, eta izerdi usainik gabe. Hizketan hasi ziren: «Zer moduz Pirinioetan, osatu al da katua?». Nola zekien hori dena? Lagunak esan zidan ez zela zaila, Instagramen jarraitzen diola. Jator zegoela oso, eta barkamenak eskatu zizkiola bere jarreragatik, despedidako mezuagatik, garai hartan «bere burua topatu ezinda» zebilela. Ja! Mesedez. Aitzakia merkea edonoren ahotan, eta gezur garestia detektibe batek dionean. Aztertzeko kasua da harremanen atzera-aurrerarena, baina norberak jakin behar du, atzerakoa edo aurrerakoa, zein den beroaldia.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.