Mutiko bat hurreratu da jolasean zebiltzan hiru neskatorengana. Atzamarrak atzapar, bekozkoa okertu, eta orro egin die: «Gggggrrrh, dinosauro Rex naiz». Neskatilek elkarri begiratu diote, mutikoari ostera, eta segundo batzuez fosildu da dinosauroa. Berriz ere egin du orro. «Gggggrrrh». Neskatiletako bat txilioka korrika hasi da. Gainerako biek jarraitu egin diote atzetik. Eta zu begira zaude beldurtzera jolas ote litekeen galdezka.
Kuriosoa da dinosauroena: badakigu nolakoak ziren, zein soinu ateratzen zituzten, nola imitatu. Gehiago dakigu dinosauroez magrebtarrez baino. Jurassic Park pelikularen arrakastaren eragina ei da, baina, azken ikerketen arabera, dinosauroen gure iruditegia ez da zuzena: narrastien familiakoak zirela uste izan da, krokodilo eta dortoken arbasoak, eta ez, hegaztienak omen ziren, uso eta oiloenak. Ezkatak beharrean lumak zituzten gorputzean, orroka bainoago urrumaka, kukurrukuka komunikatzen ziren.
Atera kalera, begiratu usoari eta ikusi dinosauro bat. Busti gorringotan ogia, eta dastatu dinosauro bat. Imajinatu mutiko bat, kakara-kakara, purra-purra, «dinosauroa naiz» esanez.